XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Senideek sakabanaketari muga jarri diote

Mobilizatzera deitu dute Madril eta Parisko gobernuek Gabonetarako presoak Euskal Herrira ditzaten.

Neurri absurdu horren aurka euskal gizartearen gehiengo sozialari inplikazioa eskatu diote.

Azaroaren 28an Bilbon manifestazio isila

Euskal presoen senideek sakabanaketari muga jarri diote. Gabonetarako beren senitartekoak Euskal Herrian nahi dituzte eta, ondorioz, Madril eta Parisko gobernuak sufrimendua besterik ez dakarren neurria kentzera behartzeko euskal gizartearen gehiengo sozialari mobilizatzeko deia egin diote.

Senideak eta Gureak elkarteek euskal presoen sakabanaketa bukatzeko Gabonak bitarteko epea eman diete Paris eta Madrilgo gobernuei.

Epe motz horretan beren senitarteakoak Euskal Herrian izan daitezen denok borrokatu eta inplikatu behar dugula ikusirik, euskal gizartearen gehiengo sozialari Eliza, alderdi politiko, sindikatu, giza mugimendu... dei egin diote mobiliza dadin.

Gureak eta Senideak elkarteek atzo Donostian eman zuten prentsaurrekoan, aipatu helburua azaltzeaz gain, presoak epe motzean Euskal Herriratzea lortzeko abiaraziko duten kanpainaren berri eman zuten.

Kanpaina horren barruan lehen ekimena Bilbon, azaroaren 28an, Gabonetarako euskal presoak Euskal Herrira lemapean deitu duten manifestazio isila egingo da.

Mobilizazioak jendetza bilduko duelakoan daude senideak, Madril eta Parisko gobernuak sakabanaketa behingoz bertan behera uztera behartzeko.

Horretaz gain, udalak gizartearen aniztasuna islatzen duten erakundeak direla ikusirik, mozioak aurkeztuko dituzte udaletxeetan gizartearen borondatea zein den frogatuko delakoan.

Euskal presoak Euskal Herriratzeko jarri duten epe motza ulertarazteko sakabanaketaren historiaren eta ondorioen errepasoa egin zuen Tomas Karrerak senideen izenean.

Kolektiboa desantolatu

Gogoratu zuenez, presoen sakabanaketari ekin zionean Madrilek kolektiboa desantolatu eta Konstituzioa eta egungo marko juridikoa mantentzeko sasi negoziazioa derrigortzea zuen helburu.

Presoen kontrako neurriaren ondorio zuzena etengabeko zigorra eta sufrimendua areagotzea izan da, nahiz helburu politikoetan porrot egin zuen.

Kolektiboak bere ideario politikoarekin segitzen du azaldu zuen Karrerak. Orain hiru urte borroka mugagabe bat hasi eta mintzakidetza izendatu zuen eta antolatuta segitzen duela frogatu zuen.

Une horretatik aurrera sakabanaketa senideen kontrako neurria izan dela esplikatu zuen Karrerak, eta ETAk ere konponbidea eman nahian kartzela frontean su-etena indarrean jarri zuela gogorarazi zuen.

Hala ere, Madrilek inertzia politikoarekin segitu eta sakabanaketa txantaje neurri bezala erabili duela aipatu zuen Senideak elkarteko bozeramaileak.

Gizarteak presoen aldeko mobilizazioak eta elkartasun frogak areagotu zituen arren, sakabanaketak bere horretan segitzen duela azpimarratu zuen Karrerak.

Egoera berria

Une honetan, subiranotasun eta lurraldetasunean oinarritzen den Lizarra-Garazai Akordioak egoera politiko berria zabaldu duela esan eta gero, ETAren su-etena akordio horren baitan etorri dela gogorarazi zuen.

Beraz, zergatik ez da ezer egiten sakabanaketa bukatzeko?, galdetu zuen Tomas Karrerak Senideak eta Gureak elkarteen izenean.

Absurdua da erantsi zuen, preso eta senideen aurkako gorrotoa eta sufrimendua luzatzea beste arrazoirik ez du, erantzun zuen.

Beraz, kontuan izanik bidaia bakoitza sufrimendu bat, zigor berri bat dela sakabanaketa bukatzeko Gabonak bitarteko epea eman dute.

Prentsaurrekoan nabarmendu zutenez, ekintzen garaia da

Presoen alde egin daitezkeen ekimen guztiei harrera ona egingo dieten arren, aldarrikapen instituzional edo kondena hutsak albo batera utzi eta ekintzetara pasatzeko ordua dela azpimarratu zuten.

Urrats zehatzak eskatzen ditugu, akordioen garaia bukatu da. Neurri zehatzen garaia da, esan zuten Senideak eta Gureak elkarteko kideek.